Ez gaude gustura inposatzen diguten gizarte ereduarekin. Ez gaude gustura, ez gaude ados. Baina bereziki, eta horrek elkartu gaitu, ez dugu irtenbiderik ez balego bezala bizitzen jarraitzeko asmorik.
Bestelako mundu bat eraiki daiteke, alternatibak badaude. Eta alternatiba horien topagune eta erakusleiho izan nahi du ALTERNATIBEN OIHARTZUNA ekimenak. Beste harreman, balio… batzuetan oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu pixkanaka; lur planeta errespetatuko duena, herrien eta herritarren premiak aseko dituena, pertsonak erdigunean jarriko dituena. Beraz, honengatik guztiagatik, ez du egun bakarreko ekimena izan nahi. Dagoeneko eskura ditugun alternatibak ezagutu eta horien inguruan hausnartuz, apirilaren 16tik aurrera herri bezala norabide horretan pausoak ematen hastea da helburua. Eguneroko erabaki txiki bakoitzak, eguneroko aldaketa txiki bakoitzak ekarriko baititu aldaketa handiak.
Bestelako mundu bat eraiki daiteke, bai, alternatibak badaude. Hemen dituzue batzuk, hasteko; eta herritarrak indartzen goazen heinean, kontsumo sare hori ere handitzen joango da aurrerantzean.
Zuk ere sare horren parte izan nahi baduzu, idatzi helbide honetara: alternatibenoiartzuna@gmail.com.
Sistemak ez du sistema aldatuko. Aldatuko al dugu guk?